Mapa de los 10 Museos de Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiko museo eta aretoek egitarau zabala prestatu dute, era guztietako ikusleentzako, Aste Santuko datozen egunetarako. Arkeologi Museoak, Arrantzaleen Museoak, Euskal Herria Museoak, La Encartada fabrika-museoak, El Pobal burdinolak, Muñatones Gazteluak, Txakolinguneak, Rekalde Aretoak, Ondare Aretoak  eta Santimamiñek adin guztietako jendearentzako jarduerak eskainiko dituzte, baita ordutegi bereziak ere.

Jarduera guztietan ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea  (www.bizkaikoa.bizkaia.eus)
Arkeologi Museoa (Bilbo):

Arkeologi Museoak bidaia eskainiko du iraganera, «Sustraiak», apirilaren 13an eta 20an, gure arbasoek historian zehar utzi dituzten testigantzak ezagutzeko. Gainera, apirilaren 14 eta 21erako bisita gidatuak programatu dira erromatarrek Britainiar Uharteetan altxatutako harresi liluragarriaren inguruan Museoak antolatu duen «Hadrianoren Harresia» aldi baterako erakusketari buruz. Eta apirilaren 15ean eta 22an, «Ezkutuko espazioak», museoaren erraietara jaitsita, iraganeko zatiak gordetzen dituzten biltegi arkeologikoak ezagutzeko. Arkeologi Museoak haur-tailerrak eta -jolasak ere eskainiko ditu, jolastuz alderdi arkeologikoei buruz ikas dezaten: «Altxortxoaren bila» (apirilak 14 eta 21), «Mosaiko erromatarrak» (apirilak 15 eta 22), «Arkeologia egun batez» (apirilak 16, 18 eta 23), eta «Miliarium Romanorum» (apirilak 17 eta 24).

Museoak «Hadrianoren harresia» aldi baterako erakusketa eskaintzen du (maiatzaren 19ra arte egongo da ikusgai), Oiasso Museoak eta Vindolanda Charitable Trustek antolatutako erakusketa. Erakusketan 1930etik harresian egindako indusketa eta aurkikuntza arkeologikoen argazkiak erakusten dira, Vindolandatik datozen objektu batzuen erreplikekin batera. Arkeologi Museoan erakusketa hau Forua eta Aloriako euskal aztarnategietako materialekin osatzen da, harresian aurkitutakoen garaikideak direnak.

Aste Santuko ordutegi berezia: apirilaren 14, 15, 16 eta 17an (10:00etatik 14: 00etara/16:00etatik 19:30etara).

Apirilak 18 (Pazko Astelehena) (10:30 – 14:00).

Informazio gehiago: [email protected] – 94 404 09 90

Arrantzaleen Museoa (Bermeo)
Aurten, berritasun gisa, Monumentu eta Gune Historikoen Nazioarteko Eguna dela eta, Arrantzaleen Museoak bisita gidatu bereziak eskainiko ditu Ertzilla Dorretxeari lotuta. Dorretxea egoitza-jauregia  eta merkataritza-gunea zen eta gaur egun Museoa bertan dago kokatuta, jatorrizko lehen portuaren gainean. Bisitak 11:00etan egingo dira apirilaren 17an gaztelaniaz, eta apirilaren 18an euskaraz.

Gainera, Pazko Astean, Arrantzaleen Museoak itsas gaietako era askotako tailerrak antolatuko ditu 5 eta 10 urte bitarteko adingabeentzat. Apirilaren 19, 20, 21 eta 22an, 11:00etan. Dagoeneko ez dago plazarik tailerrak egiteko.
Museora hurbiltzen denak «Bermeo 1974-1976. Kresala» argazki erakusketaz gozatu ahal izango du (ekainaren 26ra arte). 1974 eta 1976 artean Fede Merino argazkilari ospetsuak Bermeoko portua, bizitza, lana eta bizipenak harrapatu zituen bere kamerarekin. Erakusketa hau Museoan 1993an antolatutako «Arrantzale» izeneko erakusketaren jarraipena da, eta argazki bilduma berria dakarkigu.

La Encartada Fabrika Museoa (Balmaseda)

«Un lugar para aprender: los espacios para la enseñanza en Balmaseda – Ikasteko lekua: Balmasedako irakaskuntza-guneak» erakusketa da La Encartada Fabrika Museoan ikusgai dagoena. Erakusketak hiribilduko hezkuntzari eta irakaskuntzari eskaini zaizkion ekimenak, publikoak zein pribatuak, ezagutzeko aukera ematen du, eta arreta berezia eskaintzen die Peñueco auzoan izan ziren bi ekimenei: 1903tik aurrera enpresak hornitu zuen kapera-eskola eta 1962-63an eraikitako auzo-eskola.

El Pobal burdinola (Muskiz)

Burdinolak aukera sorta proposatzen du egun hauetan: apirilaren 15ean eta 16an gabia jarriko da martxan; familian taloak egiten ikasteko tailerra, handientzat eta txikientzat (apirilaren 19an). Era berean, El Pobal burdinolak «Bushcraft»  ingurumen-tailerra eskainiko du, teknologia primitiboak erabiliz (apirilaren 20an). Parte-hartzaileek ikaskuntza aktiboa egingo dute, aire zabalean eta taldean, inguruko baliabide naturalak erabiltzeko: babeslekuak egitea banbuzko kanaberekin; adarrezko koltxoiak jatorrizko ehunekin, sokekin eta egurrezko tresnekin, eta baita sukaldatzeko lur azpiko suzko labeak ere.

Pizza 0 km jarduera ere egingo da, pausoz pauso pizzak egiteko eta El Pobaleko egur-labetik atera berritan dastatzeko. Beste kultura batzuetako gastronomiak eta bertako produktuen aukeraketa aberatsa uztartzen dituen tailerra (apirilaren 21ean), eta habia-kutxen tailerrak (apirilaren 22an), non jolastu eta hainbat espezietako txitak habian nola bizi diren esperimentatu ahal izango den.

El Pobalen izango den beste tailerretako bat «En casa del Herrero»  izenekoa da, non sutegia familientzako forjaketa-eskola bihurtzen den (apirilaren 23an). Gainera, apirilaren amaieran (30ean) Olabarrietako (Sopuerta) Fanderia ikusteko ola-irteera prestatu da.

Jarduerak bisita daitekeen El Pobaleko «Burdinoletan zehar. Bizkaia territorio ferrón» erakusketarekin osatzen dira. Gaur egunera arte zutik iritsi diren burdinolen ikuspegi panoramikoa eta eguneratua eskaintzen du erakusketak. Burdinaren industria tradizionalaren ondarea Santi Yanizen argazkien, Yaniz eta Anton Lazkanoren Burdinura ikus-entzunezko poetikoaren eta Javier Gandarillasen marrazki dotoreen bidez aintzatesten da.

Muñatones gaztelua  eta Pobal burdinola (Muskiz).

Bisita bateratuak egingo dira, egun berean aparteko balioa duten bi Monumentu- Multzo ezagutzeko aukera paregabea, hiru kilometro eskasera daudenak eta historiarekin estuki lotuta daudenak: El Pobaleko burdinola XVI. mendearen hasieran sortu zutenak Salazar de Muñatones familiakoak izan ziren, garai hartan «burdinaren jaunak» zirenak. Apirilaren 15ean eta 17an egingo dira, euskaraz eta gaztelaniaz, 10:30etan eta 12: 30etan.

Txakolinaren Museoa – Txakolingunea (Bakio)

Egun hauetan Txakolinguneak «Biribilak mendietan. Seles-Kortak-Saroiak»  aldi baterako erakusketa erakusten du. Erakusketak korta edo saroien gaian sakontzen du, basoetako  esparruak,  Euskal Herrian zirkulu-mugaren formagatik definitzen direnak, erdiko harri handi batetik abiatuta egituratzen dena. Erakusketak horien jatorria, erabilerak eta garapen historikoa aztertzen ditu.

Era berean, urteko sasoi honetarako prestatu ditu natura-gaiei buruzko haurrentzako tailerrak: «Animalitxoak», animalia apaingarri dibertigarriak sortzeko (apirilaren 13an) eta «Lore sorta»,  4 eta 12 urte bitarteko haurrek lore sorta ikusgarriak egiteko duten trebetasuna frogatzeko. Bi tailerrak 11:30etatik 13: 00etara egingo dira.

Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo)

Euskal Herria Museoak bisita bereziak eskaintzen ditu Monumentu eta Gune Historikoen Nazioarteko Egunean. «Alegría Jauregiaren historia eta leinuak». 1937ko Bonbardaketatik zutik atera ziren eraikin noble bakanetako bati balioa ematen dion bisita, gaur egun Museoaren egoitza dena. Alegría  Etxeaz, bere maiorazkoaz, izen handiko bizkaitarren beste etxe eta leinu batzuekin zituen loturez eta bertakoek Bizkaiko Batzar Nagusietan izan zuten zereginez hitz egingo dute. Apirilaren 18an gaztelaniaz eta 24an euskaraz, biak 12:00etan.

Duela gutxi ireki den «Mairin Mitchell. Euskaldunen kronikari irlandarra» erakusketa  jatorri irlandarreko kazetari eta idazleaz ari da. Ez da oso ezaguna, baina lotura handia du Euskal Herriarekin. 1958an Mairinek «Acurioren odisea» eleberria argitaratu zuen; kontakizun horretan protagonista Elkanoren kontramaisua, itsasgizon bermeotarra, da. Mairinek harreman estua izan zuen euskal kulturako hainbat pertsona esanguratsurekin, hala nola José de Arteche, Koldo Mitxelena edo Manuel de Irujorekin.
Umeentzako Pazko Tailerrak: parte-hartzaileek euskal historia eta kultura modu dibertigarrian ezagutzeko aukera izango dute apirilaren 19, 20, 21 eta 22an.

Santimamiñe (Kortezubi)

Apirilaren 24an egingo da «Azken igandeko tailerra» eta parte hartzaileek jolastuz Paleolitoko giza taldeen bizitzari buruz ikasiko dute. Jarduera 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Rekalde Aretoa  eta Ondare  Aretoa (Bilbo)

Rekalde Aretoa

Hiribilduaren erdian kokatuta dagoen erakusketa-aretoak Manuel Quintana Martelo artista konpostelarraren «Containers (2012-2022)» erakusketa eskaintzen du. Erakusketa honek lehenengoz biltzen ditu  Containers saileko ia 90 lan, margolan eta marrazki. Artista etenik gabe ari da serie  honetan 2012tik.

Ondare Aretoa

Indautxuko eremu enblematikoan dagoen aretoak «Jesuitak Ikastetxearen mendeurrena» erakusketa eskaintzen du. Bertan Begoñako Andre Maria ikastetxearen, «Jesuitak Indautxu» izenarekin ezagutzen denaren ehun urteko eta egungo bizitza islatzen da, modu grafikoan eta testuen bidez. Moronati aberatsak sortu zuen 1921ean eta sortu zenetik erreferentzia izan da Bilboko eta Indautxu auzoko hezkuntzan.



1 Comentario

  1. No creo que el hecho de poner el texto sólo en euskera se deba a un error involuntario.
    ¿Quiza buscan que quienes desconozcan esta lengua en el futuro pasen de acceder a su digital para consultar las noticias del día?.
    Buen día!

Dejar respuesta